Ondarea

 

Sopuertako flora

Olabarrieta de Arriba

Mendeetan nekazaritzan eta abeltzaintzan aritu izan da Sopuerta. Industrializazioak ondorio esanguratsuak izan zituen XIX. mendeko azken hamarkadetatik aurrera, inguruko paisaia aldatu baitzuen meak irekita: Alen, Pozo Vinagre, Safo, mina Catalina… gaur egun toki horietan putzuak, hondakindegiak, mearako sarrerak, etab. ikus daitezke.

Industrializazioaren ondorioz zelai eta baso natural ugari utzi egin ziren eta intsinis pinua eta eukaliptoa landatu ziren, papera egiteko. Bi zuhaitz mota exotiko horiek oso gustuko dute inguru hauetako klima goxo eta hezea eta ondorioz, paisaia ia erabat hartu dute, bertako flora eta faunaren kaltean.

Tremoral erreka1


Inguru honetan ikusi beharko litzatekeen paisaia honakoa litzateke:

  • Artadi kantauriarra, lurzorurik pobreenak kolonizatuko lituzke. Malkar askoko inguruak direnez eta toki asko zailak direnez, oraindik arte eta espezie lagungarri ugari dago: endalarra, gurbitza, txorbeltza…
  • Erkamezti/harizti kaltzikola, kareharri askoko inguruetan izaera mediterraneoko haritz batzuk badira, adibidez, erkametzak.
  • Ametz arrunta, eguzki askoko hondar-lurretan izaten da. Gaur egun horrelako lursail gehienetan basoak dauden arren, badira zuhaitz bakan batzuk. Sopuertan Amez izeneko auzo bat dago eta Las Muñecas inguruan baso txiki batzuk ere badira.
  • Harizti azidofiloa, haritz kankuduna da udalerriko tokirik gehienetan nagusi. Ibarraren hondoan zeudenak bota egin dira eta larreak edo ereiteko eremuak daude gaur egun.
  • Harizti/baso misto atlantikoa, sailik sakonenak, kareharrizko harkaiztegiak edo amildegi hondoak hartuko lituzke. Mota askotako zuhaitzak eta sastrakak daude: haritzak, lizarrak, hurritzak, gaztainondoak, astigarrak, ezkiak…
  • Haltzadi kantauriarra, ibaiertzetako zuhaitz honek ibai eta erreka ertzak estaltzen ditu eta itzalari eta hezetasunari esker, espezie ugari sortzen da. Haltzadi ederrak daude Tremoral ibaiaren beheko zatian eta erreka askotako goiko zatietan.
Tremoral erreka2 Ikusi dugun bezala, baso potentzial hauek gutxituz joan dira giza jardueraren ondorioz eta kasurik gehienetan larreak, basoak edo belartzak daude gaur egun. Azkeneko hauek dira, hain zuzen ere, gehien ikusten diren landareak, eta honako hauek nabarmentzen dira:
  • Pre-txilardi atlantiko kareharrizko substratuetan. Sail hauetan babestutako espezie ikusgarriak daude: Daphne cneorum, Narcissus asturiensis eta Iris latifolia.
  • Txilardi/otadi/iratzedi atlantikoa, iratze arrunta eta otearekin. Lurzoru silizeoetan.
  • Gurbiztia, karraskila, endalarra… hondatutako sailetan.
  • Larre silizikolak, Agrostis curtisii graminea nagusi dela.
  • Larre kaltzikola harritarrak, eguzki askoko larre baxuak dira, eta isurialde kantauriarrean ohikoak ez diren espezie mediterraneoak daude, besteak beste, zenbait orkidea. Euskal Herrian oso bitxia den iratze txiki-txiki bat ere ikus dezakegu: Ophyoglossum lusitanicum.
  • Erkidego erruderalak, jendea bizi den inguruetan eta komunikabideen inguruetan daude. Asko ongarritutako lurzoruak behar dituzte, eta Sopuerta da babestutako espezie erruderal bat duen Bizkaiko herri bakarra: Pentaglottis sempervirens.
  • Landare exotikoak, aldatu diren lursailetan sartzen dira, batez ere. Batzuk inbaditzaileak dira (panpa-lezka, sasiakazia…). Beste batzuk naturalizatu egiten dira eta azalera handiak hartzen dituzte. Sopuertan urrutiko lurraldeetako zuhaitzak naturalizatu dira, seguru asko indianoek ekarritakoak. Zuhaitz hauek oso arraroak dira Euskal Herrian eta honakoak dauzkagu Sopuertan, besteak beste: almeza eta kakia.

Daphne Cneorum Iris latifolia Las Ribasen basoa

Bibliografía: Revista "con margen"

Vegetación de Sopuerta -Santiago Patino y Javier Valencia-

Sociedad de Ciencias Naturales de Sestao

-texto y fotos-