Agenda

 

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatuko da ohi legez. 1949an Eusko Ikaskuntzaren baitan sorturiko ekimena da ENE, Euskararen Nazioarteko Egunarena, eta euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen du.

“EUSKARA AUZOLANA. Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez” izango da aurtengo leloa; izan ere, Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, baina, 365 egunez langai. Une egokia da beraz, erakundeak eta herri ekimenak elkarlanean aritzeko eta ilusioz eta gehiengo soziala aktibatuz ezagutzatik erabilerara salto egiteko. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan ikusi nahi dugunok. Hortaz, Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunotan hori guztia lortzeko AUZOLANEAN jardutea izango da.

Bada, azken urteotan euskara bultzatzeko egin dugun lanarekin jarraituz, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu:

Horietako ekintza batzuk ikastetxeetan egingo dira: Alde batetik, Gordexolako Udalarekin batera egun hori ospatzeko asmoz, “euskal kulturaren inguruko lehiaketa” antolatu du.

Lehiaketa honetan, Enkarterriko Mankomunitateko udalerrietako Lehen Hezkuntzako neskamutilek har dezakete parte, irabazleen artean sariak zozkatuz. Bada, hiru kategoria egin dira: Lehen Hezkuntza 1. eta 2. mailetako ikasleak, Lehen Hezkutnzako 3. eta 4. mailetako ikasleak, eta Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailetako ikasleak. Lehiaketa etxean egitea gomendatzen zaie gurasoekin batera informazioa bilatuz. Horrela, beraiek ere euskararekin lotutako ekintzetan parte har dezakete. Orriak emateko azken eguna abenduaren 8a izango da. Eta sariak abenduaren 18an zozkatuko dira. Ikastetxe bakoitzeko 3 sari banatuko dira.

Bestetik, DBHko 3. mailako ikasleentzat, euskaltegietako ikasleentzat eta nahi duten gazte guztientzat “Musika topaketak” antolatu ditu Mankomunitateak abenduaren 4an, Zallako zinema-antzokian 10:30ean.

Topaketa horien bidez, ENKARTERRIKO NERABEAK ETA EUSKAL MUSIKARIAK BATERA izango dira. 250 bat gazte bilduko dira.

Musika Topaketetan bertaratuko direnek ikusi eta entzungo dute MARIA RIVERO abeslari eta sortzailearen eta PELLO REPARAZ, Vendetta taldeko sortzailetako baten eskutik kantuen sorkuntza zelan egiten den, eta zein nolako esperientzia eta hastapenak izan dituzten musika munduan. Hau dena moderatzaile baten gidaritzapean egingo da, Ugaitz Alegria aktorea, hain zuzen.

Honetarako, Zalla Zinema Antzokiko aretoan bi gune desberdin antolatuko dira. Batean, moderatzaileak musikarien aurkezpena eta hastapenei buruzko elkarrizketa burutuko du eta horrekin batera bere bideo batzuk ere ikusi ahal izango dira. Bestean, MARIA RIVEROk eta PELLO REPARAZek abesti baten bat eskainiko dute. Azkenik, publikoaren galderei ere erantzun beharko diete, publikoarekiko interakzioa bilatuta. Aurten, gainera, ikasle batzuek abeslariekin batera bere kantaren bat abesteko aukera izango dute. Galderak egiten dituztenen artean opari batzuk zozkatuko dira.

Ekitaldia IREKIA izango da eta EUSKAL MUSIKA gogoko duen edozein gazte ere bertara daiteke.

Aurreko urteetako harrera ona ikusita, aurten ere, Bertsopaper lehiaketa egon da ikastetxeetan. 1. DBHko ikasleek hartu dute parte, bakarka zein taldeka. Azaroaren 20tik azaroaren 27ra bitartean egingo da; izan ere, bertsoak aurkezteko azken eguna abenduaren 27a izango da. Gaia Euskara Enkarterrin edota norberaren herrian izan da bi kopla txiki edo zortziko txiki bat egin behar izan dute. Ikastetxe bakoitzean irabazle bat aterako da eta gero aurkezten diren ikastetxeen artean bertsorik onena aukeratuko da. Bertso hori Mankomunitateko web orrian eskegiko da eta hurrengo urtean Euskararen Egunerako erabiliko da kartelak egiteko. Irabazleen artean sariak banatuko dira (euskal musika taldeen KDak).

Azkenik, abenduaren 5ean, euskarazko film bat emango da goizeko 11:30ean Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetako ikasleentzat. 350 bat ume joango dira Zalla zinema-antzokira -“Nur eta herensugearen tenplua” ikustera.

Bukatzeko, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak “Euskarak 365 egun” leloa duten pegatinak banatuko ditu Euskaltegietako eta Mankomunitatea osatzen duten ikastetxeetako Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean

Ikastetxeetako ekintzez gain, badaude herri mailan antolatu direnak ere:

Azaroaren 30ean, HANDIAK filma berria euskaraz ikusteko aukera izango da Zallako udalarekin batera Zalla zinema-antzokian arratsaldeko 19:30ean antolatu den saioan.

Horretaz gain, aurten Mankomunitateak eta Gordexolako udalak Euskararen Egunean, hau da abenduaren 3an, euskaraz erostera bultzatzeko kanpaina bat jarriko du abian; egun horretan bertan Gordexolako San Andres azoka dela aprobetxatuta. Azokan saltoki euskaldunak identifikatuta egongo dira eta euskaldunok edota euskara ikasten ari direnek aukera izango dute erosketak euskaraz egiteko. Ekintza hori Mankomunitatea osatzen duten beste udalerrietako azoketan ere jarriko da martxan aurrerago.

EUSKARA ERABILI ETA EUSKARAZ BIZI ENKARTERRIN!!

Ekintzen egitaraua (PDF 465KB)

Adierazpen Instituzionala (PDF 708KB)