Agenda

 

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatuko da ohi legez. 1949an Eusko Ikaskuntzaren baitan sorturiko ekimena da ENE, Euskararen Nazioarteko Egunarena, eta euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen du.

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu Mankomunitate honetako udalerrietako ikastetxeetan.

Alde batetik, Gordexolako Udalarekin batera egun hori ospatzeko asmoz, "euskal kulturaren inguruko lehiaketa" antolatu du.

Lehiaketa honetan, bi kategoria egin dira eta Enkarterriko Mankomunitateko udalerrietako Lehen Hezkuntzako neska-mutilek har dezakete parte, irabazleen artean sariak zozketatuz. Aurten LHko 3. Ziklokoentzat beste lehiaketa bat antolatu da eta esketx bat, txiste ba edo pasadizoren bat grabatu beharko dute euskaraz. Grabazioa bakarka, binaka edo taldeka egin ahal izango da. Orriak eta grabazioak emateko azken eguna abenduaren 3a bera izango da. Eta sariak abenduaren 12an zozketatuko dira.

Bestetik, DBHko 3. mailako ikasleentzat "Musika topaketak" antolatu ditu abenduaren 3an, Euskararen egunean bertan, Zallako zine-antzokian 10:30ean.

Topaketa horien bidez, ENKARTERRIKO NERABEAK ETA EUSKAL MUSIKARIAK BATERA izango dira. 162 bat gazte bilduko dira.

Musika Topaketetan bertaratuko direnek ikusi eta entzungo dute GOSE eta Zallako HIL AIARI taldeetako musikarien eskutik kantuen sorkuntza zelan egiten den, eta zein nolako esperientzia eta hastapenak izan dituzten musika munduan. Hau dena moderatzaile baten gidaritzapean egingo da, aurten Jon Gomez izango da.

Honetarako, Zalla Zine Antzokia aretoak bi gune desberdin izango ditu. Batean, musikariei buruzko aurkezpen multimedia emanaldiaz gain, moderatzaileak musikarien aurkezpena eta hastapenei buruzko elkarrizketa burutuko du. Bestean, GOSE taldeko kantaria (Ines) eta HIL AIARI taldekoak erakustaldi labur bat burutuko dute. Azkenik, publikoaren galderei ere erantzun beharko diete, publikoarekiko interakzioa bilatuta. 

Galderak egiten dituztenen artean opari batzuk zozketatuko dira.

Izan ere, ekitaldia irekia izango da eta ikastetxeetan ez dauden gazteak ere bertara daitezke.

Enkarterri FM irratiak ekitaldia grabatuko du eta abenduan emango du euskaraz egiten duen saioan.

Azkenik, abenduaren 2an eta 4an, euskarazko film bat emango da Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetako ikasleentzat. 300 bat ume joango dira Zalla zine-antzokira arazaroren 15ean estreinatu berri den "Azti txikia" izeneko filma ikustera.

Aurten bigarren aldiz Mankomunitateak eta Balmasedako udalak Berbalagun egitasmoaren barruan antolatuko dute Enkarterriko euskaldunon jaia. Hau da, abenduaren 1ean Antzentalesko Traslaviña auzoan "Enkarterriko euskaldunen topagunea" egingo da. Aukera paregabea lagunekin zein familiarekin euskaraz ondo pasatzeko guztiontzako ekintzak izango dira eta (ume eta gurasoentzako jolasen tailerra, mokadutxoa eta musikariak, kantupoteoa eta bertso bazkaria goizez, arratsaldez bakarrizketa bat entzuteko aukera izango du bertaratzen duen orok) eta eskualdeko euskaldunak ezagutzeko.